Goazen hondartzara
Donostiako hondartzak dira udako erakargarri nagusietako bat. Bakoitzak bere nortasuna du: Kontxak, ezagunenak, eta Ondarretakoak, familia-giro handikoenak, Kontxako badia osatzen dute. Zurriola, berriz, hondartzarik gazte eta surfzaleena da; eta, azkenik, Santa Klara uharteko hondartzatxoa dugu. Laurak ingurumena kudeatzeko sistema berean sartuta daude, eta bainulariarentzako zerbitzu guztiak dituzte.
Klasikoena, argazki gehien egin zaiona, bisitatuena… Kontxako hondartza enblematikoaz ari gara. Bere ingurunea, bere paisaia, bere hondar zuri eta fina… direla-eta, Kontxa hondartza paregabea da, munduko bigarren hiri-hondartzarik onena, Travel and Leisure bidaia-aldizkariaren arabera. Hondar zuriko hondartza honek kilometro eta erdiko luzera du, eta, bertan, dotorezia eta hiri-izaera dira nagusi.
